Hazparneko zapeta lantegiak
Ursuia kolegioko 4. elebiduneko ikasleak proiektu gotor bati lotu dira ikasurte hontan. Historiako eta Euskarako kurtsoetan landu dute, L. Croc eta N. Challet irakasleekin, bai eta Haitz Aldana Kanaldude Herri Telebistako teknikalariaren laguntzarekin.
Proiektu horren helburua zuzeneko emankizun baten ekoiztea zen, gai baten inguruan.
Historiako programan industrializazioa lantzen baita 4.enean, eta Hazparnek iragan luzea eta aberatsa baitu sail hortan «zapatagintzaren» inguruan lan egitea pentsatu dute irakasleek. Geroztik Covid eritasuna hortik pasatu da eta hastapenean zuzenean egin behar zena aitzinetik grabatua izanen da.
Proiektua euskaraz eramana denez, ez da dudarik lan berezia egin dutela arlo hortan, gaiari lotutako hiztegiaren lantzeko, bideogintzari lotutako hiztegiaren ikasteko.
Eguberriko oporrak aitzin kameraren erabilpenari buruzko formukantza bat ukan dute, eta oporretarik landa, argia eta soinua landu dituzte. Gero, aste zenbaitez gaia barnatu dute, hau da « zapatagintzaren memoria ». Zer gelditzen zaigu garai hortarik, eraikinen ondarea, ondare immateriala (oroimen eta lekukotasun). Nola egin ondare horren hobeki agertzeko, baloratzeko ? Galdera hauen inguruan lan egin dute.
Bitartean, ohartu dira beren taldeko familiek harreman ainitz ukan dituztela zapatagintzarekin. Hala nola, ikasle batek taneria edo larru apainketa tokiak aurkitu ditu bere etxean, beste batzuek ikasi dute beren aitatxi amatxiek urte luzeak pasatu dituztela Hazparneko zapeta lantegietan. Lekukotasun zonbeit filmatu dituzte, hala nola tanerien hestearen ondorioz emigratu zutenen familiako bat.
Dena dela, hitzordua ekainaren 30ean da emankizunaren grabatzeko. Ikerketa eta lekukotasun bilketa hortaz bestalde, 3 mahai-inguru izanen dira hainbat parte-hartzaileekin : historialari, kultur munduko eragile, garaiko Hazpandar batzuk, etab..
Artetik, ikasleek prestatu kantu, dantza eta bertsuek apainduko dute saioa.
Emankizuna geroxago ikusten ahalko da internet sarean, Kanaldude.eus webgunean.